Kanbodiako kanpaina (ingelesez: Cambodian campaign) ekialdeko Kanbodian 1970ean, Vietnamgo Gerraren testuinguruan, Estatu Batuek eta Hego Vietnamek egindako operazio militar sorta bat izan zen. Inbasio hauek Richard Nixon presidente estatubatuarraren politikaren ondorio izan ziren. Vietnamgo Errepublikako Armadak 13 erasoaldi egin zituen apirilaren 29tik uztailaren 22ra bitartean, eta indar estatubatuarrek maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean jardun zuten.
Kanpainaren helburua Kanbodiako ekialdeko mugako eskualdeetan kokatuta zeuden Ipar Vietnamgo Armadako eta Vietcongeko 40.000 soldaduak garaitzea zen. Kanbodiaren neutraltasun ofizialak eta ahulezia militarrak eremu seguru bihurtu zuten bere lurraldea, non indar komunistek mugaren gaineko operazioetarako oinarriak ezar zitzaketen, baita berriro hornitu eta elkartu ere. AEBen "vietnamdartze" eta erretiratze politika baterantz zihoan heinean, herrialdea Hego Vietnamgo gobernuaren segurtasuna bermatzen saiatu zen mugako mehatxua ezabatuz.
1970ean Kanputxeako gobernuan izandako aldaketak aukera bat ireki zuen Ipar Vietnamgo baseak suntsitzeko, Norodom Sihanouk printzea kargutik kendu eta Lon Nol estatubatuarren aldeko jeneralak ordezkatu zuenean. Operazio militar aliatuek ezin zuten tropa komunistaren gehiengoa desagerraraztea lortu, ezta haien kuartelak- Hego Vietnamerako Bulego Nagusia deituak- harrapatzea ere, baina Kanbodian harrapatutako materialaren pilaketak arrakasta-aldarrikapenak eragin zituen.
- ↑ (Ingelesez) Shaw, John M.. (2005). The Cambodian Campaign: The 1970 Offensive and America's Vietnam War. Lawrence: University of Kansas Press, 158 or..